St J.Pied de Port : +33 (0)5 59 37 03 57 - St E. de Baigorry : +33 (0)5 59 37 47 28

Baigorriko Balearen historia

Historiaurreko aurkikuntzek eta arrastoek erakustera emaiten duten bezala, Baigorriko Balea eta bereziki Aldudekoa (Banka, Aldude eta Urepeleko herriekin) jendetua izan da historiaurredanik.
Alabaina, mendi kaskoetan aurkitzen diren trikuharri eta harrespilak, alha lekuetarik hurbil, artzain bizi baten lekuko dira. Erromatarren garaiko Bankako eta Urepeleko meategiek, esparruko eta bideetako arrastoek denbora hartako gizakiaren lanaren garrantzia erakusten dute. Bankako herrian, (“ola” deitu Baigorriko auzo ohia), kobrearen lantzeak arrakasta ukan du XIII. Mendean, 400 langile enplegatuz.

Gaur egun, aztarnak aurkitzen dira herrian sartzean : baleako industria aktibitatearen lekuko bakarrak dira. Sei mendez, Baigorriko Balea, Nafarroako erreinuaren barne izan zen. 1512-an, Kastillako erregeek erantsi zuten Nafarroa eta Baxe Nafarroa Frantses bilakatu zen 1589-an, Henri IV-en erreinu denboran.

Erdi aroko hirien hedatze eta elgarretaratze denboran, Ortzaizeko ibarra (Ortzaize, Bidarrai, Arrosa) eta Baigorrikoa elkartzen dira, Baigorriko kantonamendua osatuz.
Baigorriko ibarrak, Etxauz familiaren bost menderen erreinuaren marka dauka. Izen hori ekartzen duen gaztelua, Baigorriko gainetarik nagusitzen da. Baigorriko bizkonde familia hori, ondotik Etxauzeko bizkondeak deitua, Baigorriko gazteluaren jabe izan da zortzi ehun urtez. Frantziako gortean ohargarria izan zen eta Bertrand Etchauz-koa Baionako apezpiku izendatua izan zen 1599-an, Luis XIII. konfiantzazko gizona bilakatuz.
Iraultza denboran, nazio-hontasun gisa saldua izan zen eta Harispe Marexala izanen zenaren aitak erosi zuen, herriko hilerrian ehortzia den bere semea, Baigorriko famatuena delarik. Jean Isidore Harispe-ri, oinezko gudari armada baten sortzeko baimena eman zion Napoleonek, “les Chasseurs Basques” deituko zena.

1850-ean, Abbadie d’Arrast familiak erosi zuen gaztelua eta Charlie Chaplinen bisita ukan zuen, Harry d’Abbadie d’Arrast, bere antzoki-burua izanez.
XV. mende hondarrean, jende kopurua emendatzen delarik, ibarreko etxe zaharrak ez dira aski. Denbora hartan ziren Baigorriko etxeetako gaztenak, alha tokietan ziren bordetara bizitzera joan, leku horiek bizi toki iraunkor bilakatzen zirelarik.

Kinto deitzen den eskualde hori, Nafarroako erreinu ohiaren berezitasun bat da, Frantzia eta Espainiaren artean kokatzen den lurralde zatikatu gabeko bat. XVII. mendean ere sortu ziren Banka, Aldude eta Urepeleko herriak. Bainan gatazka ainitz izan dira, 1856-an Baionako hitzarmena izenpetu aitzin.
Geroztik, Baigorriko baleako biztanleek, Kintoko alha lekuen gozamen osoa dute. Urte guziz, Frantziak diru zama bat emaiten die Baztan eta Erroko ibarrei (Espainian) ordainketa gisa. Maiatz hondarrean, Urepelen, Baigorriko baleako behiak, burdin gorriz markatuak dira, lurralde hortara joan aitzin, udaren pasatzera.

Kintoaren beste berezitasun bat, familiak bizi dira Urepeleko Herrian, zergak Espainian ordaintzen dituzte, haurrak Urepeleko eskolan ibiltzen dira eta burasoek Frantziako familia-laguntzak hunkitzen dituzte !

Gaur egun, Baigorriko kantonamendua 11 herriz osatua da : Baigorri, Banka, Aldude, Urepele, Bidarrai, Ortzaize, Arrosa, Irulegi, Azkarate, Anhauze eta Lasa. Espainiako mugan kokatzen den lurralde horrek, artzaintza eta ohidurak atxiki ditu. Herri bakoitzak historio bat badu kondatzeko eta aberastasun bat agertarazteko.